Dualidadea askotan bizitzen dugu eta oso ezaguna egiten zaigu kontzeptua; ona eta txarra, gau eta egun, iluna eta argia. Baina gauza hauek era txuri-beltzean ikusten ditugu, urrutien dauden aurkako bi poloak bezala, baina hauen artean ez dago hutsune bat, gradazio bat baizik.
Psikologikoki ere badaukagu dualidade esperientzia hau. Psikologo eta filosofo ezberdinek era ezberdinetan deskribatu eta izendatu dituzte, baina Jung-ek dio pertsona bakoitzak gure itzala daukagula. Gure itzalean bizi dira kontzienteki gogoratzen ez ditugun esperientziak, baztertzen ditugun sentimenduak eta gustatzen ez zaigun geure izaeraren zati bati uko egiten diogunean, horrek ere itzalean amaitzen omen du.
Askotan gure gizarteak bultzatzen gaitu beti pozik egon nahi izatera, beti argitsu eta alai. Honek gure itzal hori aldentzera bultzatzen gaitu askotan, baina orduan ez dakigu zer dagoen itzal horretan eta noiz gerturatuko den gure atzetik begira ez gaudenean. Gainera itzalean dagoena ez da ez ona ezta txarra, baizik eta guk oraindik geureganatu eta onartu ez ditugunak. Geroz eta gehiago uko egin, geroz eta indar gehiagorekin itzuliko zaizkigu eta oztopatuko digute eguneroko bizitzan.
Uko egin eta aldendu ordez, Jung-ek dio, pixkana-pixkana gerturatzen joatea dala hobeto. Honetarako sormena oso garrantzitsua dala dio eta psikoterapia ere horretarako erraminta bat dela. Gertu eta begi bistan daukagunak ezin digu hainbesteko sorpresa eman. Gainera ezagutzen dugunean, itzal hori ez da hain iluna jada, argitik gertuago egoteak argitu egiten ditu itzalean dauden elementuak, beraz pixkana-pixkana ezagutzen eta onartzen joan gaitezke. Eta horixe da psikoterapia baten helburua berez, gure itzalarekin gerturatzen joatea gure eguneroko bizitzan integratuagoak eta lasaiagoak bizi ahal izateko.
Zuk zure itzalarekin zer nolako harremana daukazu?
Comments